AZTERKETAK 15.GAIA

PRIMO DE RIVERAREN DIKTADURATIK FRANCORENERA

1. PRIMO DE RIVERAREN DIKTADURA
1902an, Alfontzo XIII.ak hartu zuen tronua. Garai hartan, herritarrak, oraindik ere, gogaituta zeuden gobernuarekin. Gainera, 1898an Espainiak azkeneko koloniak, Kuba eta Filipinak, galdu zituen eta horrez gain, porrot militarra izan zuen Marokoko gerran. Horrek guztiak gizarteko ezinegona areagotu zuen.
1923an, egoera hori baliatuta, Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea jo zuen. Bereala, diktadura ezarri zuen; hau da, estatuko botere guztiak bereganatu zituen. Konstituzioa deuseztatu eta alderdi politikoak debekatu zituen. Egoera horretan, erregea ia botererik gabe geratu zen.
Diktadura 1930ean amaitu zen, Primo de Rivera jeneralak dimisioa eman zuenean.


2. BIGARREN ERREPUBLIKA
1931n, Primo de Rivera jeneralak dimisioa eman ostean, udal-hauteskundeak izan ziren, eta errepublika ezartzearen aldekoek irabazi zuten. Horren ondorioz, Alfontzo XIII.a erregeak ihes egin zuen Espainiatik, eta Bigarren Errepublika aldarrikatu zen.
gobernu errepublikanoak hainbat erreforma jarri zituen abian. Lehenik, konstituzioa egin zuen; bertan, emakumeen boto-eskubidea jaso zen, lehen aldiz. Horrez gain, beste neurri batzuk hartu zituen: nekazariei lurrak ematea, eskola publikoak eraikitzea, langileen soldatak igotzea, armada erreformatzea eta lehenengo autonomia-estatutuak onartzea.
Erreforma horien ondorioz, ordea, gatazka larriak sortu ziren, batzuek alde eta beste batzuek aurka egin baitzuen. Gatazkak gero eta gehiago areagotu ziren, eta gertaera lazgarriak izan ziren; besteak beste, zenbait politikari hil zituzten.

3. GERRA ZIBILA
Asaldura-giro horretan, 1936ko uztailaren 18an, Francisco Franco jeneralak estatu-kolpea jo zuen, gobernu errepublikanoa amaiarazteko. Orduan, Gerra Zibila sortu zen; 1939ra arte iraun zuen.
Espainiako gizarte bi taldetan banatu zen. Talde errepublikanoak Errepublikako gobernuaren alde egin zuen, eta talde matxinoak-nazional ere esaten zaio- Francoren altxamendua babestu zuen.
Bi urtez baino gehiagoz gerran aritu ostean, talde nazionalaren armadak Espainiako lurraldeetako asko zituen okupatuta. 1939an, Franco jeneralaren tropek Bartzelona, Madril, Valentzia, Kartagena eta Alikante okupatu zituzten; haiek ziren oraindik ere errepublikanoen esku zeuden eremu bakarrak, eta horrenbestez, Francoren garaipen harekin amaitu zen gerra.


4. FRANCOREN DIKTADURA
1939an, Francisco Francoren diktadura hasi zen: gobernuko, estatuko eta armadako buru bihurtu zen. Konstituzioa deuseztatu zuen, eta haren ordez, beste lege batzuk aldarrikatu zituen; lege horietan, zenbait eskubide onartzen ziren, baina beste batzuk mugatu egiten ziren. Gainera, alderdi politikoak eta sindikatuak desegin zituen, eta haien ordez, gobernuaren mendeko alderdi bakarra eta sindikatu bakarra ezarri zituen.
Hasierako urteak benetan latzak izan ziren, oso errepresio gogorra egin baitzuten. Errepublika babestu zuten milaka pertsona zigortu zituzten, eta beste askok erbestera jo behar izan zuten. Ia herrialde guztiek hautsi zituzten Espainiarekiko harreman diplomatikoak, eta herrialdea nazioartean bakartuta geratu zen. Horrez gain, herritarrak pobretu egin ziren, ez baitzuten nahikoa elikagai, ezta behar-beharrezko produktu ere.
gero, egoera pixkana aldatzen hasi zen. 1950etik aurrear, ekonomia eta herritarren bizi-maila hobetu egin ziren, eta kanpo-harremanak, normalizatu. Baina ez zegoen demokraziarik. Diktadura 1975ean amaitu zen, Franco hil zenean.